PROTAGONISTA: NIRE LAGUNA

Nik dudan lagun bat beti doa berandu lanera. Bere amonarekin bizi da etxean eta, badakigu nola diren amonak, Troyarena montatzen dio goizero nire lagunari arin altxa dadin: kesi alperraundi, kesi pamilijaren lotsa, eta abarreko tonttakeriak. Baina nire lagunak, ohetik begi batez bakarrik ikusmiratzen, erantzuten dio: “La cama para quien la trabaja” (zeren, nahiz eta euskaldun zaharra izan, haserratzen denean erdaraz egiten du).

Baina nik ez dizuet nire lagunaren historia kontatu nahi, baizik eta nire lagunak kontatu zidan historia bat. Badakizue bederen trés normal trés normal García Lorca ez zela Mississipin jaioa ez eta New Yorken dagoen Riverside delakoan ere; García Lorcak Andalucían ikusi zituen lehenengoz izarrak, eta orduz gero, osea goizetik aurrerantzean , bere bizia frustrazio hutsa izan zen. Nire lagunak dioenez hala zen gertaera:

Federicoren amatxoak, haurduna izan zenetik apez edo moja nahi zuen irtengo zena, eta honela berbera opaldu zen santu liburuak irakurtzen: S. Ignacio de Loyola birjina eta martir, Fray Gerundio de Campazas alias Zotes, Santa Cecilia obispa eta abartxo. Eta azkenean Federico atera zenean kerubintxo bat bezala atseginez eta antziez esan amak: “jesuita, jesuita izan da”, eta txunditurik konortea galdu zuen.

Federicoren ttikikeria aski “keria” izan zen, gero. Granadako biztanleek askotan ikusi ohi zuten marineritoz eta eskapulariozko paltitroke ankadun hura mezaz meza joatea bere ama bitxituta eta aitorrentzulearekin alboak estaltzen. Bere gelaren orman zilizio bat eskegita bazegoen, historiak ez du halakorik jaso egin, eta bakarrik batxilerato eta karrera bi egin zituela dakigu, hogeitamar urtetan aurkitu arte, Eliz arrikuari aldegina, idazlea, anatemizatua, jesuitek salneurrituriko bere burua.

Eta hauk dira nire lagunaren arrazoiak. Konparaketagatik konprenitu duzuen bezala, nire lagunak lan egiten du baina ez hori bakarrik, arratsaldean jesuiten unibertsitatera joaten da baizik, batez ere eta berak dioenez, malgizona ez izateko bizi honetan. Eta arratsaldero, ipurdia galduz bazkaldu ondoren hartu liburuak eta hara joan. Noski ezetz, nir lagunak ez du Garcia Lorcarekin konparatu izatea nahi baina behintzat arima bikiak direla egi handitzat hartzen du.

Eta horrexegatik, lagunok, klaseak amaitzerakoan gauero, etxera zuzen joan beharrean bera antzeko talde batekin poteatzen ikus daiteke Barrenkale Barrena barrenean; hau dela eta taskero guztiok ezagutzen dituzte eta ia ia taberna guztietan ardo metro erdia dute presurik sartzerakoan. Nire lagunaren antzaldaketa hutsa izaten da gauero, bai: begiak dirdirez ver biziko protagonista sentitzen lehenengo biderrez  egunean, politikaz diskutitzen du, kesi abstenzioa, noski baietz, zeuk ez duzu ideiarik, tontolapiko, zoaz pikutara, mekauen Sanperikitin ez esan Telesforo senila denik, eta abar eat abar, gero eta gehiago ahotsaren hotsa igaten, eta azkenean erdi moskortuta eta aurpegia tomate bat bezala, etxeratzen da, neska polit batekin ligatu saiatzen bidean.

Etxean amona, afari hotza eta gaueroko goragaleak biltzen dira nola ameskeri bateko irudiak; “Garcia Lorcak edaten al zuen?” galdetxen dio bere buruari, baina beti oheratzen  erantzunik gabe, apurtuta, ereta, makurtuta, irratiaren berri deportiboekin lokartzen, eta gauero bezala ere amona joaten zaio argia eta irratia kentzeko, eta gelaren atetik, keinu triste batez aurpegian bura eragitego, “Ai, ene mutilori, ez dok gauza onik”.

Eta honela nire laguna zahartzen ari da, hogeitazazpi jadanik ezer egin gabe bizian. Goizero altxatzen da betiko aurpegiak ikusteko bulegoan, betiko ixiltasuna (edo hitz hutsak sentitzeko, bera dela ), betiko barnetiko errdura hori. Arratsaldea, jesuitetan, nota onak ateratzen ditu, moralezko injekzioa berak dioenez, baina, zertarako? “Garcia Lorcak bulego batetan lan egiten zuen?” galdetzen dio bere porfesoreari, baina inork ez omen daki.

Eta aste buruetan, poterik pote dagoela, pentsatzen du ere: “Garcia Lorca ezkondua zen?”, bai, hori badakite, baina aldegin behar dut konparaketatik, ni ez naiz Garcia Lorca, administratibo bat baizik, eta karrera amaitzerakoan edozein Instutotan klaseak emateko... eta beldurrez eta lotsez goizean egin duen poematxo hori zamarra barnean gordetzen du, gizonok honelako makaltasunik ezin izaten baitugu. Gainera, zer daki berak Garcia Lorcataz...agian gizon alaia izan zen, eta zeuk hemen konparatzen bere reenkarnazioa bazina bezala... Ez, laguna, zure amonak ez zaitu konprenitzen. “Garcia Lorcak izan al zuen amonarik?”.

MIREN BEGO ATXALANDABASO

ETIMOLOGIETAN.       AIZPUN

A- Horrela hasten da bat...eta gero?

AI- Haurrei ematen zaie AIA (papilla). Txerrien Aia zukua da. Batzuk biak nahasten dituzte, eta gero txerriak bezala gizentzen dira.

- Malda edo aldapan behara. Zergatik? Zertarako? Non? Nondik? Nola? Norentzat? Nora? Galdera gehiegi gaurko Nafarroan!.

AIZ- Ni naiz, hi haiz PUN, hau da: Hi haiz tiroa, hi!

- Gernikan, hain zuzen: Abereti atzera jotzeko erabiltzen den deia. Azkuek honela dio: “Interjección con que se excita al ganado vacuno a que vaya hacia atrás”. Eta nahi ez badute, bada, PUN berriro eman gogor! Hau zeregina!

- Batzutan HAITZen ordez ipintzen da ( Batzuk HZ; beste batzuk gabe; geroz eta eskuinerago, eta H gutxiago):

AIZP- Ahizpa- emakumeak du ahizpa; gizonak altuena eta anaia. Zer egiten du hemen Aizp- batek?

-Gainera sustrai batetik sortzen diren bi landare. Hala nola UF, CD. Edo UN edo UF, lehenago AP (apoaren hasera bakarrik).

- Haitz-bere ere bai, edo koba.

AIZPU-  Apaiz, aizpu, artxaizpu... eta parlamentari.

PU- Nazka esateko hitza. Gainera N erantsi, eta lekua: agian, komuna edo...

- Gainera, bi aldiz esanda, hau da PUPU, zorriak eta arkakosuak...Abere asko eta zikinak...

UN- Unión Nacional. Eta orduan: IZ-PU-UN: Unión Nacional Zorria Atzera (Hori Gernikan, bakarrik!).

- On ere bai. Eta AHIZP-UN erdaraz. Tía Buena!

- Une-ren ordez, eta horrela AIZ-BE-UNE, edo Cabernikola, edo horrelako zerbait.

PUN- Denok ulertzen dugu! Tiroa, tiroa! Azkenean, tiroa! Az hasten zena, tiroz bukatzen da. Betikoek beti betetzen duten bezala.

- Edo HAITZ-PUN, hau da, Dinamiteroa.