TXAMAKO

Pistolero mexikano baten izena jarri zioten, berak ere ez daki zergatik. Kontua da besterik gabe geratu zela, berari ere ahantzi egin zitzaiola izen zaharra, pontekoa, eta aurpegi multiplikatu hauen atzean gordetzen –edota nabaitzen- den gizon perkatx honek ez duela egun beste grazirik ametitzen bere buruarekiko. Txamako, eta kitto.

Bere biografiaren lehen orrialdean Extremaduran idatzi zuen, han etorri baitzen mundura orain dela berrogei bat urte. Eta dandai jarri zenarekin batera, ze erremedio, lanari ekin zion. Bide bazterretako gorotz eta zimaurrak batu eta ongarri bezala salduz irabazi zituen lehen xoxak. Koskortu zenean artzain bidali zuten, eta mendi siku haietan
barrena ibili zen urte frangoz. Makina bat ezkur jango zuen gizarajoak, halafede.

Baina ezkurrarekin bakarrik, arkakosoak eta zorrik. Horrela segitzerik ez zegoela eta, emigraziora jo zuen bere famelia osoak. Den denak Gipuzkoarantz abiatu ziren, eta bat ezik, beste guziak Hernaniraino iritxi ziren. Txamako ezik, jakina. Berak nahiago izan baitzuen Bilbo aldera partitzea, ba dakizuea, portua, barrio txinoa, zazpi kaleak, betiko Bilbo hori, kontinenteko huririk ederrena, hain zuzen.

Eta binbili bonbolo, Hondarrabian azaldu zen. Ordurako, noski, gramatika asko zekien, eta estratega bat egin zegone ia, Nobat batek ez zukeen zer eginik edukiko horrelako herriska batean aurrera ateratzeko orduan, baina Txamakok berehala igerri zion ogibidegai berri bati: monja-etxeko jardinean belar gaizto eta ziztin asko hazitzen zela, alegia.

Jardin hura esku iaio baten premian zegoen, eta barkatu, baina ez naiz metaforikoki mintzatzatzen ari. Esku bat behar zen, eta Txamakok, bat ezezik, bi era ba zeuzkan. Tratu bat egin zuen superiorarekin. Jana eta edanaren ordez sasi guztik kenduko zituela. Eta jardina txukundu bezain azkar aldegingo zuela, nola ez.

Hilabete bat geroago, belarrak kentzen segitzen zuen. Mihin gaiztoak diotenez, banan banan eta xuabe xuabe ateratzen omen zituen, lapaitz eta barrabas belarrei minik eman ez nahiean bezala. Baina monjak ez dira batere tuntunak, bai zera. Monjak, beste gauza guztien gainetik, xuhurrak dira, eta oso mixerableak diru kontutan. Txamako bere ogi puska gabe gelditu zen jardin erdia doi txukundu zuenerako. Hala esaten omen zion ardo botilari, ez zeok deretxorik, ez ziatek lana behar bezala egiten uzten.

Hori zela, eta izkutatu egin zen jendearen bistatik, eta arrantzale jendiak-eta aldegina zela pentsatzen zuten. Eta gauzak hola, gau batean hor non entzuten den berebiziko garraisi bat monja-etxeko banbaran... zer izango ote galdetzen zuen jende zintzoak, Guadalupeko ama azaldu ote bart, edo zer. Baina monjatxoak ezetz, gizonezkoa zela. Eta zibilak joan aberiguazioak egitera. Eta Txamakorekin bueltatu, normala den bezala.

Despeditu zutenean ez zitzaiola beste gauzarik bururatu, komentuari kariñoa hartuz gero izugarri kostatzen zitzaiola kolpetik uztea, ia ez al zen konprenitzekoa.

Halere kalabozoan sartu zuten egun batzuetarako. Eta irten zeneko erabakia zeukan bertan gelditzea, ze arraio, sinpatikoa egiten zitzaion Hondarrabiako giroa. Aurreneko lana, babes berri bat bilatzea izan zuen. Eta bai arkitu ere. Oso sinplea, bestalde; txalet hutsitu batean kokatu zen, scooter baten modura. Eta oraindik bertan segitzen du, nahiz eta jabea eta alkatea bera ere oso temoso ipini arazo hau zela eta. Baina ezin dute bota, zeren, berak esaten duen bezala, ziudadano de primera baita.

KARPANTA (a. Petiri Sanz)