Pott Bandakoek beren aldizkariaren
laugarren alea argitaratu dute. Motibo honegatik hurbildu natzaie elkarizketa
bat egiteko asmoarekin. Ez dakit bromatzat hartu nauten edota horrela bizi
diren beti, deskalabroan. Kazetariek sufritu behar duguna... Ni galdezka
desesperatuki eta ez dakit heurek literaturaz ala ze demontrez...
-Ze harrera izan duzue?
-Euskal Herrian inork ez digu deus
atera, baian gure probintziatik kanpora Londreseko “Writers of the World”
kazeta miresgarrian bi orrialdeko erreportaia bat egin digute. Kontaktoak
ditugu, halaber, Berkeley-ko talde askorekin. Axpe eta Urrestilan ere arras
ezagunak gara.
-Zenbat ale argitaratu dituzue?
-Hau zazpigarrena edo da, gutxi
gora-behera. Baina ez gara orain kontatzen hasiko. Gainera guk gainditu
ditugu numeroak edo, orain esaten den bezala, zenbakiak.
-Ze izen du ale honek...
-Betidanik deitu izan gara POTT
BANDAREN BRAGA. Orain arte “blaga” esan ohi genuen sinologoen influentziagatik,
ze txinoek esate baterako “zakarra” esan beharrean “zakala” esaten dute
eta horregatik batzuk, inkultoenek, “zakila” esaten dute... Baina, bueno,
hau superatu dugu ia. Gainera, Jakobson lagun dugu gure biraje latz honetan.
-Nolakoa da zuen braga hau?
-Arrastorik uzten ez dutenetarikoa,
kontuan izan gu oso perskutatuak garela eta ezin dezakegula pistarik utzi.
Gainera, gauza guztiok gainditurik ditugu. Gurea, egia esan, ez da “braga”
bat, ez “fraga” bat. Gurea “Praga” da, ze han jaio zen idazle famatu bat
euskal populuak hain maite duena eta munduko literatura abangoardiazkoa
haineste kutsatzen ari dena: Norbet Tauer, noski.
-Ze artikulo, ze mami du zuen aldizkariak?
-Bizakaialdean mamiari gatzatua
deitzen zaio, gatzatu ospetsuenetakoa “Doncel” delakoa da, eta “Doncel”-etik
dator “dontzeila” hitza, dontzeiletatik datorkigu makina bat sofrimentu,
dontzeila guztiak lotiak baitira, eta loti guztien artean ezagunenetakoa
Pierre Loti, noski, konprenitzen al duzu, ala ze letxe!
-Bueno, bueno, ez hasarratu.
(Aber ba labanak ateratzen ditugun. Gugana hurbiltzen den espia bakoitza Derioko kanposantuan enterratzen dugu bizirik, zibiletik... Aber ba!)
-Baina ni ez naiz espia bat, ni Euskadi
Siouxekoa naiz. Ez naiz etorri zuen sekretoetaz enteratzeko. Euskadi Siouxerako
irakurgai bat prestatzekok etorri naiz bakarrik.
Ah, bueno, orduan ondo, Euzcadi
Zius ez baitu inork irakurtzen. Ondo, ondo, jarraitu galderak egiten, eta
erantzun bakoitzetiko eskozes bat bakarrik kobratuko dizugu.
-Eta zuen taldean zer egiten duzue?
-Normalean deus ere ez. Beste batzutan
deus ere ez. Badira une batzuk, halaber, deus ere egiten ez duguna. Baina,
maiz, deus ere ez dugu egiten.
Hala ere, taldeko bat batere abisatu
gabe Murziara joan zen soldaduskara, pskiatrak libratzeko sobera karga
zuela eta Oinatin peligrosoa zatekeela esan baitzion. Ez digu agurrik ez
tomaterik bidali ingrato honek...
-Eta taldeko besteek?
-Bat semealabak egiten ari da jo
ta ke.. Besteari Motrikotik Ondarrua arteko bibote bat ari zaio hazten.
Hirugarren bat Baretta da, aski famosoa egin da telebistaren bidez. Beste
bat hagineko minez bizi da, hau lastimie. Seigarrena maiteminduta, nun
denik ere ez...
-Ze proiekto duzue aurrerantzean?
-Horoskopo batek esaten zigunez
schock bat sortuko dugu Euskadin aldizkariaren 28. Alean. Baina bizpairu
ale baino ez ditugu aterako. Gero telefono listinaren edizio kritiko bat
prestatuko dugu JAKIN editorialean argitaratzeko.
-Marrazkilari on batzu dituzue ez
da?
-Bai, bai, bai, bai, bai, bai. Zazpi
bat dira lagundu diguten anartista eta marrazkilari ganorabakoak. Eta phottografo
bat ere badugu, arraultzak ere jan orduko phottografiatzen dituena.
-Emakumerik ba al da zuen artean?
-Bueno, gutarik batzuk ez dakigu
oraindik zer garen, definitugeak gara alegia. Beste alderdikoa da edozelan
ere segur Mary Thurner. Honekin larrujotzen dugu guztiok ostegunero. Gaizki
ala?
-Hor zuen kontua da.
-Eta C.G.V.-rena, ala ez al zara
autonomista?
-Bale, bale... Nik apatridak zinetela
uste nuen.
-Ba ez, kazetari jauna! Gu afrikanoak
gara, Kongro deritzan aberri miresgarrikoak.
-Zer? Nungoak zaretela?
-Gu Kongrokoak gara, kongrioak alegia
eta, haurrei deituez gero, kongritoak. Gu arikanoak, huah, ahuh, guk Tarzan
jan, gosea genuen gozoa zegoen, huah, hauh. Kongro Euskadi da!
-Noski.
-Noski, bestela guk kazetaria jan.
-Baina orain seriotan. Gustatzen
zaizue literatura?
-Bai, denetarik jaten dugu.
-Baina desberdina da Faulkner edo
Asimov.
-Ba nik gosaldu Axular gosaltzen
dut, hamarretakoan Agirre Asteasukoa, bazklatzeko Mogel eta Txomin Agirre
eta Orixe, baina siestara joan orduko goragalea datorki eta bota egiten
dut guztia, janaria aldatzen dudanean ere. Arratsaldean Txillardegi meriendan,
bota berehala,gero afarian Gereño eta enparauak eta kriston goragalea
eta zakila ere ahotik dariogula.
-Lastima!
-Gose greban bagina bezala. Eta
eskerrak Pott ez dugula irakurtzen bestelan ba zelako deskalabro gastrikoa!!!
-Zer gustatzen zaizue gehiago, poesia
ala prosa?
-Guk, dudarik gabe, oeta bat miresten
dugu. Bere izena aipatu eta bide batez publikoki salatzen dugu bere aurka
egin den kanpaina: poeta hau Idi Amin da-da.
Prosistak ere miresten ditugu, batez
ere baldin eta deus ez badute eguno idatzi.
Baina, honelako galderak erantzuteko
badugu enplegatu bat, Juanmari Torrealday alegia. Beragan delegatzen dugu
gure eritzia, zientifiko oso handia da, frailea, eta igual ez diozu ulertuko,
baina sinestu eta bale.
-Irakurri al duzue Bukovsky?
-Ah, bai! Errusoa. Idazle honen
hainbat nobela irakurri ditugu: “Karamazov nebarreak”, “Jokalaria”, “Krimen
eta Zigorra” eta abar.
-Obra hoik ez al zituen Dostoievskyk
idatzi?
-Ez Dostoievskyk garai hortan Euskal
Herria bisitatu zuen eta euskara ikasten ari zelarik errusoa ahaztu zitzaion
eta euskara ikasi ez, eta ez zen Historiara sartu. Apatamonasteriokoek
bakarrik beneratzen dute.
-Zuen aldizkarian irakurri dut,
nor da T. S. Elliot?
-Ezizen batez estali behar izan
dugu. Baina nabaritzen da nor den, nor izango da ba... Mr. Hoper. Ez al
duzu telebista ikusten?
-Ze alternatiba politliko apoiatzen
duzue?
-Maiz esan dugu, bada, Pol Pot apoiatzen
dugula Camboya gure herria inbaditu diguten inperialisten aurka. Pol Pot
errege eta Resurrección María de Azkue erreginaren alde isuriko
dugu gure odola eta gure bizitza bidesaihetsetan, aupa gizona, jeiki mutil...
-Ba al duzue D titulorik?
-Bai zera! V tituloa ere ez oraindik.
Oso zaila egiten zaigu, beste tribu batetakoak garenontzat, boskimanoa
ikastea.
-Egia da Herman Melville ere Pott
taldekoa dela?
-Ez Melville bera, Billy Bud laguntzen
baitago hau urkatua den kaian. Baina gurekin dugu Moby Dick, tipo oso majo
eta sinpatikoa da, (ez dugu uste Akab kapitainak hasaratzeko motiborik
izan behar lukeenik), oso amablea da, problema bakarra da bere gurekin
den artena estu estu kabitzen garela eta ura botatzen digula kokotetik.
-Baina, bueno, zer zarete, talde
literario bat ala zoologiko bat?
-Superatuak ditugu guk Darwin eta
Kristo guztiak. A nuestro aire gabiltzanean ez etorri bestelan. Gu serio
serio primera komunionean bakarrik egon ginen eta orduan ere paliza merio,
beselan lasai ze total igual da guztia.
-Bukatzera goaz eta saludatu nahi
duzue norbait hemendik?
-Noski. Hauxe da gure ilusiorik
prinzipalena. Ole Erruper, agur Konsuelo ene nobia aspaldikoa, ole Eba
Goienkalekoa, eta Iziar eta Ima, agur Maria Anjeles, agur Julio, eta Agosto,
agur Pottolito, agur lagunak ene azken mozkorraldikoak. Gogoratu nahi ditugu,
baita ere, hemen Espartako eta Katalina de Brabante, ole baita ere Ageda
martiri defuntari, agur Jesusen ama, agur eta ohore Euskal Herriari. Hemendixik
gogoratu nahi dut Ibaizabala Durangotik pasatzen dela eta hau fandango
biba berango. Agur gure herrietako lagun eta senitarteko guztiei: agur
Elantxobe, Romo, somera, Motriko, Leitza, Apatamonaserio eta Murziako herrikideei.
Pott bat, pott bi, hiru, lau, bost emanen dizkizuegu xanponen truk. Ole
eta ole, Patxi tartazale.